Heldu den abuztuaren 29an, laurogei urte beteko dira Lluís Companys i Jove Presidentaren entregaz. Frankismoaren esku utzi zuten alemaniako polizia militarrak eta Pedro Urraca agenteak, irungo Avenida zubian. Jazoera oroitarazteko, Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak ekintza ezberdinak antolatu ditu.

Abuztuaren 24tik aurrera, elkartearen web gunean, efemerideari buruzko atal berezi bat egongo da. Bertan, kontsultatu ahalko dira Lluís Companys President-aren bizia edota Pedro Urraca agente faxistak burutu zituen espioitza lanak. Elkarteak bi bideo plazaratuko ditu astean zehar, Companys ardatz hartuta.

  • Asteartean, Antoni Strubell, Lluís Companys Batzordeko koordinatzaileari egindako elkarrizketa plazaratuko da. “Ihesa eta eskuetaratzea zubian” antzezlana eta Joseba Tapia eta Lluís Llach-en arteko kontzertua antolatu zuen batzordeak, 2000. urtean, entregaren 60. urteurrenean.
  • Ostegunean, Gemma Aguilera, “Agente 447, el hombre que detuvo a Lluís Companys liburuaren idazleari eginiko elkarrizketa publikatuko da. Pedro Urracaren bizia erredaktatu du Aguilerak, agente faxistak idatzitako agendetan oinarrituta.

Web gunearen hirugarren atalean, entregaren 60. urteurrenean gauzaturiko “Ihesa eta eskuetaratzea zubian” ikusgai egongo da. Baita ere, Egunkariak jardunaldiari buruz publikaturiko albisteak kontsultatu ahalko dira. Material guztia www.kepaordoki.wordpress.com/companys80 helbidean jasoko da.

Entrega Avenida Zubian

Alemanek Frantzia okupatu ostean, Pariseko enbaxada frankistak zuzeneko harremana ezarri zuten Naziekin. Honela, Errepublikako gobernu eta politikarien egoitzak konfiskatu eta bertan topaturiko informazioa baliatu zuten, erbesteratuak errepresaliatzeko. Pedro Urraca polizia agentea gakoa izan zen, erbesteratuak topatu eta espainiar Estatura deportatzeko. Hala egin zuten, Julian Zugazagoitia eta Cruz Salido sozialistekin; Joan Peiro cenetistarekin; eta Jose Lecaroz jeltzalearekin.

Lluís Companysen kasuan, 1940ko abuztuaren 13an ebatsi zioten askatasuna. Ar Baol-en, Gestapoko sei agente eta Pedro Urracak atxilotu zuten. Hamabi txosten idatzi zituen Urracak, 1940ko urtarrila eta 1941eko maiatza bitartean.

Atxiloketa osteko lehen astean, abuztuak 21ean, burutu zen lehen galdeketa, pariseko La Santé espetxean. Abuztuaren 25ean, Companys Madrilera estraditatzeko agindua jaso zuen Urracak. Atzerri aferetako zerbitzu frankistek “ezkutuko” ohar batean bidali zuten agindua. Bertan, “Companys goizaldean irtengo da, autoz, eta ofizial aleman bat eta Urraca Jaunarekin joango da, Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusiko funtzionarioa eta enbaxadako erantsia”, zehazten da. Agindua Ramón Serrano Suñerrek idatzi zuen, Francoren atzerri aferetako ministroa.

Frantzia okupatuko agintari nazien onespenarekin burutu zen estradizioa. Autoa abuztuaren 29an heldu zen Irungo Avenida zubira. Urracak Companysen azken argazkia atera eta Biarritzen erositako postal bat eman zion, Carme Ballesterri idazteko.

Abuztuak 29 eta urriak 3 artean, Madrilgo Dirección General de Seguridad-en kalabozoetan egon zen Lluís Companys, eraikin azpiko banakako ziega batean. Urriaren 3an, Montjuic-era lekualdatu zuten eta Gerra Kontseiluan heriotza zigorra ezarri zioten. Urriaren 15eko goizaldean fusilatu zuten.

Omenaldia

President-aren entrega oroitarazteko, abuztuaren 29an omenaldi bat burutuko du Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak. Ekitaldia Avenida zubi alboko interpretazio gunean (Iparralde hiribidea, 63) burutuko da, eguerdiko 12:00etan. Bertaratuek Companysen argazki parean elkarteak prestaturiko loreak jartzera aukera izango dute.

Ekitaldia COVID-19 izurritearen baitan ezarritako arauak errespetatuz antolatu da. Honenbestez, pertsonen arteko distantzia mantentzea eta talde txikietan batzea gomendatzen da.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s