Bidasoko 90 deportatuak xede dituen erakusketa Berako Kultur Etxean abiatuko da heldu den ostiralean, urriak 16. Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak, Berako Udalaren laguntzaz, antolaturiko erakusketa ostegun, ostiral, larunbat eta igandean bisitatu ahalko da, azaroak 1a bitartean.

Pertsona edo kolektibo bat herrialde batetik gogoz kontra kanporatzea da deportazioa. Zigor gisa, isolatze edota esklabotasun helburuekin baliatu izan da deportazioa. Bigarren Mundu Gerran, Naziek judutarren aurka baliatu zuten bereziki deportazioa. Atxilotuak euren jatorritik, atxilotze edo akabatze esparruetara bortxaz mugiarazi zituzten. Nagusiki, Polonia, Austria eta Alemaniako esparruetara. Naziek bestelako talde etniko, politiko eta sozialak deportatu zituzten ere, herrialde berriak okupatu ostean, errepresio neurri gisa.

Whasington-eko Holocausto Memorial Museum-en arabera, 42.500 atxilotze gune, akabatze gune, ghetto eta bortxazko lan faktoria egon ziren. Bertan, 15 eta 20 milioi pertsona batu zituzten. Hauen artean badago Bidasoa jatorri duten pertsonak. Hendaia, Irun, Bortziriak edo Hondarribitik deportatuak izan ziren bizilagunak. Zehazki, 90 bizilagun deportatu ziren eta hauetatik 30 esparruetan hil zituzten.

Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkartearen ustetan, deportazioa, Hendaian eta orokorki Ipar Euskal Herria eta Frantziar Estatuan landua eta oroitutako materia den bitartean, Bidasoko hegoaldean ezezagunagoa eta gutxi jorratu den gaia da.

Deportazioa Bortzirietan

Bortziriak jatorri duten bost deportatuetatik, Eugenio Alli Ferrerok biziraun zuen bakarrik. Hego Euskal Herria jatorri duten deportatu gehienen antzera, II. Errepublikan hasi zen Alliren militantzia. 1936ko Estatu kolpean Irungo alderdi sozialista eta Fronte Popularreko kidea izan zen. Buchenwaldera deportatu zuten. 

Victor Garcia-Serranok irungo Renfen egiten zuen lan. Bertan buruturiko depurazioaren ondorioz, kargugabetze zigorra jaso zuen. Hala ere, Frankismoaren ondorioz Gurseko kontzentrazio esparruan ezarri eta bertatik deportatu zuten Neuengammera. Volkswagenentzat bortxaz lanean egon zen gatibualdian.

1943ko urtarrilean, Comette Sarea erori zenean, Frantxia Alzuet izan zen atxilotuetako bat. Urruñako Bidegain baserrian ostatu hartzen zuten hegazkinlari ingelesek, Bidasoa ibaia zeharkatu aurretik. 

Antonio Clemente beratarra eta Felipe Sansiñena zein Luis Anglada etxalartarrak Buchenwald, Flossenbürg eta Neuengammera deportatu zituzten, hurrenez hurren.

Azken Bidaia

Ostiralean, arratsaldeko 17:30etan abiatuko da erakusketa. Proiektua aurkeztu ostean (18:00), bertaratuak areto nagusira lekualdatuko dira “Azken Bidaia” dokumentala ikustera. Bertan, Frantxia Alzuet eta Commette Sarearen nondik norakoak azaltzen dira. 1943ko urtarrilean, salaketa baten ondorioz, Bidegain baserriko antolaketa eta bertan atxiloturikoak kontzentrazio esparruetara deportatu zituzten. Emanaldia bukatzean, Enara Goikoetxea, dokumentalaren zuzendariarekin solasteko aukera egongo da.

Erakusketa

Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak sorturiko erakusketak 27 panelez osatua dago. XX. mendeko erregimen totalitarioetan hasita, deportazioaren testuingurua azaltzen da. Ondoren, Bidasoa inguruko eta europako esparru nagusien berri ematen da. Azkenik, Bidasoko hainbat deportaturen xehetasunak azaltzen dira.

Berako Kultur Etxean, ostegun, ostiral, larunbat eta igandeetan zabalduko da erakusketa gela. Astean zehar, 17:00etatik – 19:00etara eta asteburuan 10:00etatik – 12:00etara. Azaroak 1a bitartean mantenduko da erakusketa.

Argazkia: Erran.eus

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s