2020ko abuztuaren 29an, Lluís Companys i Jover president katalanaren entregaren 80. urteurrena bete da. Pedro Urraca polizia agenteak eta alemaniako polizia militarrak frankismoaren esku utzi zuten irungo Avenida Zubian

Argazki galeria

Lluís Companys, katalanen alde bizitzen

Bokazio politikoan oinarritu da Lluís Companys i Joveren bizia. Karguz kargu, herri eta nazio mailako legebiltzarretan ibili zen. Botere exekutibo anitzetan ere parte hartu zuen. Alkate, ministro eta president izan zen. Beti ideia errepublikano, katalanista eta sozialak sustatuz.

Pedro Urraca, errepresio frankistaren ordezkaria

Pedro Urraca Renduelesek atxilotu zuen Lluis Companys President katalana. Valladoliden jaio zen, 1904ko urtarrilaren 22an. Serrano Suñer ministroaren aginduz, Frantzian errefuxiatutako arduradun politiko errepublikanoak atxilotu edota hiltzeko ardurapeko agentea zen.

80 urte Lluís Companys presidentaren entregaz

Alemanek Frantzia okupatu ostean, Pariseko enbaxada frankistak zuzeneko harremana ezarri zuten Naziekin. Honela, Errepublikako gobernu eta politikarien egoitzak konfiskatu eta bertan topaturiko informazioa baliatu zuten, erbesteratuak errepresaliatzeko. Pedro Urraca polizia agentea gakoa izan zen, erbesteratuak topatu eta espainiar Estatura deportatzeko. Hala egin zuten, Julian Zugazagoitia eta Cruz Salido sozialistekin; Joan Peiro cenetistarekin; eta Jose Lecaroz jeltzalearekin.

Lluís Companysen kasuan, 1940ko abuztuaren 13an ebatsi zioten askatasuna. Ar Baol-en, Gestapoko sei agente eta Pedro Urracak atxilotu zuten. 

Atxiloketa osteko lehen astean, abuztuak 21ean, burutu zen lehen galdeketa, pariseko La Santé espetxean. Abuztuaren 25ean, Companys Madrilera estraditatzeko agindua jaso zuen Urracak. Atzerri aferetako zerbitzu frankistek “ezkutuko” ohar batean bidali zuten agindua. Bertan, “Companys goizaldean irtengo da, autoz, eta ofizial aleman bat eta Urraca Jaunarekin joango da, Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusiko funtzionarioa eta enbaxadako erantsia”, zehazten da. Agindua Ramón Serrano Suñerrek idatzi zuen, Francoren atzerri aferetako ministroa.

Frantzia okupatuko agintari nazien onespenarekin burutu zen estradizioa. Autoa abuztuaren 29an heldu zen Irungo Avenida zubira. Urracak Companysen azken argazkia atera eta Biarritzen erositako postal bat eman zion, Carme Ballesterri idazteko.

Abuztuak 29 eta urriak 3 artean, Madrilgo Dirección General de Seguridad-en kalabozoetan egon zen Lluís Companys, eraikin azpiko banakako ziega batean. Urriaren 3an, Montjuic-era lekualdatu zuten eta Gerra Kontseiluan heriotza zigorra ezarri zioten. Urriaren 15eko goizaldean fusilatu zuten.

60. urteurrena – Lluís Companys Batzordea

2000. urtean, Lluís Companys Batzordea sortu zen, entregaren 60. urteurrena oroitarazteko. Lourdes Villagránek zuzenduriko “Ihesa eta eskuetaratzea zubian” antzezlana eta Lluís Llach eta Joseba Tapiaren arteko kontzertua antolatu zituen batzordeak.

Euskal Herria eta Kataluniako 54 politikari zein sindikalistek osatu zuten batzordea. Hurrengo botoia sakatuz gero, batzordeari buruzko albiste gehiago kontsulta ditzazkezu.