Ondorengo helburuak sustatzen ditu Kepa Ordoki M.H.B elkarteak

1.Kepa Ordoki Vazquez (Irun 1912 – Baiona 1993) Gernika Batailoiko komandantearen bizitza eta ibilbidea ezagutzera ematea; zein Saseta Batailoiaren konpainia baten ikurrinaren pean, Akitanian, nazien aurka eta askatasunaren alde borrokan ibili zen.

2.Bidasoa bailaran askatasuna, demokrazia eta justizia sozialaren alde borrokatu edo bizitza eman zuten pertsonen oroitzapen historikoa berreskuratzea, eta beren ideiei duintasuna ematea eta zabaltzea.

3.Egun, ez dago biktimen inolako errolda ofizialik, gertatutakoaren egia ez da ezagutzen, ez da kontatu  zenbat pertsona fusilatu ziren, zenbat galdu ziren, zenbat hil ziren frontean, kartzeletan edo derrigorturiko lan batailoietan. Ez da kontatu, zenbat pertsona hil ziren gosez, zenbat emakume atxilotu, errepresaliatu, erbesteratu edo bortxatu ziren. Jendea lan postuetatik kaleratu zen, ondarea konfiskatu zen, haurrak amengandik lapurtu zituzten eta euskara, debekatua izan zen. Honenbestez, ondorengo taldeei aurpegia jartzen lan egingo du elkarteak:

  • Elkartasun antifaxistagatik eta askatasunagatik borrokan ibili eta hil ziren gazte internazionalistak.
  • Irun defendatu eta Pikoketan fusilatuak izan ziren miliziano gazteak. Mertxe López Cotarelo, Pilar Valles Vicuña, José María Arruti Idiakez, Bernardo Usabiaga Jauregui…
  • Faxismoaren aurka frontean egondako gizon emakumeak. Kepa Ordoki komandanteak, Agirre Lehendakariaren aginduak jarraituz, Gernika Batailoia eratu eta Nazien aurka borrokatu zuen Point de Grave-en. Ordokirekin batera, Gernika Batailoian hogei kidek Bidasota zuten jatorri. Hainbat hondarribiarrak eta hogei inguru irundarrak. Esaterako, Aquilino Elosegi Peña.
  • Argeles sur Mer, Gurs eta bestelako kontzentrazio esparruetan izandako Bidasotarrak. Gurs-eko kontzentrazio esparruan, hiru mila euskaldunetatik 300 bidasotarrak ziren.
  • Nazismoaren aurkako Comète erresistentzia sarea. Naziek Ipar Euskal Herria okupatu zutenean, hegazkinlari aliatuak erreskatatzeko sarea. Pilotuek Endarlatzako errepide inguruko “San Miguel” etxetik pasatzen zuten Bidasoa ibaia. “Comète” sareko kolaboratzaile nabarmenetako bat Maritxu Anatol irundarra zen. Juan Carlos Jiménez Aberasturiren esanetan, 800 pertsona erreskatatzea lortu zen sareak.
  • Paul Simonabadea eta Léon Lannepouquet alkateaz gain, Hendaia, Irun eta Hondarribiako zenbait bizilagun kontzentrazio eta akatze esparruetara bidali ziren. Eskualdeko hainbat bizilagun Mathausen, Buchenwald eta Neuengamme-eko kontzentrazio esparruetara bidali zituzten. Esaterako, Jose Alzuri irundarra eta Miranda de Ebroko kontzentrazio esparruan zendu zen Maiz Georges.
  • Avenida zubia errefuxiatuen pasaleku eta Lluís Companys-en ematearen lekukoa da. Kataluniako Generalitateko Presidenta Frantzian harrapatu zuen Gestapok, Pedro Urraca agente Frankistaren laguntzarekin. Companys torturatu, gerra kontseilu batean menderatu zuten eta azkenik fusilatu zuten.
  • Oiartzun-Aritxulegi-Lesaka, Arkale, Lezo-Jaizkibel, Gurutze-Erlaitz eta Dumboako kanala eraiki zuten Frankismoak sorturiko langile batailoiak. Esaterako, bertan izan zen Dabid Ubierna Berruezo
  • Duero, Burgos, Santoña eta beste kartzeletan preso egondako bidasoko bizilagunak. Cipriano Gonzalez García, esaterako.
  • Antonio Ortega, Manuel Cristobal Errandonea, Olazabaleta bestelako izen propioak. Evaristo Larrañaga Urcelayeta, Florencio Iracheta Quilez edota Nicolas Guerendiain Salaberri.
  • Jesús Carrera Olascoaga komunista hondarribiarra. Torturatua eta epaitua izan ostean, 1945eko urtarrilaren 15ean fusilatu zuten Alcalá de Henares-en.
  • Stadium Gal zelaian batu eta irungo tren bidean zeuden kontzentrazio esparruko presoak.
  • Erantzukizun politikoaren ondorioz, errepresioa jasan zuten errepublikako irakasle eta funtzionarioak. Hauek, kaleratuak eta ezgaituak izan ziren. Atxilotuak, kartzelaratuak, fusilatuak eta exiliatuak izan ziren hauteskunde mahaietako ikuskatzaileak, kargu politikoak, sindikalistak edo alderdi ezberdinetako militanteak.
  • Ondasunen konfiskatze komisio probintzialaren ondorioz errepresio ekonomikoa jasan zuten Irun eta Hondarribiako bizilagunak.
  • Elkarte honek ere aintzat hartuko du Frankismoan zehar, 1978ko abendu arteko gertakariak. Besteak beste, Jesus M.ª Zabala. 1976an, ordenaren indar publikoek Hondarribian eraildako gazte irundarra. Baita ere, “Brigada Politico Social”-aren eskutik tortura eta tratu txarrak jasan zituzten bidasotarrak.

4.Espainiako II. Errepublikak jasan zuen estatu kolpe faxista eta XX. mendeko Europa Faxista aintzat hartzea eta salatzea:

  • 1936ko uztailaren 18an, Espainian zilegizkoa zen Errepublikaren aurkako estatu kolpe militar faxista eman zen. Hiru urte pasata, 1939ko apirilaren 1ean, altxatuek garaipena eta Francisco Francoren 40 urteko diktadura inposatu zuten.
  • 1945ean, II. mundu gerra amaitu aurretik, Hitleren Alemania nazia erori zen eta diktadoreak buruaz beste egin zuen. Italian, Mussoliniren erregimen faxista erori zen eta Partisanoek Mussolini fusilatu eta Milaneko plaza batean zintzilikatu zuten. Nurenbergeko epaiketetan (1945-196), Hitler-en erregimena babestu zutenak epaituak izan ziren eta Italia eta Frantzian antzeko epaiketak burutu ziren kolaborazionistekin. Espainian aldiz, Franco generalak hil arteko (1975) diktadura mantendu zuen eta Juan Carlos de Borbón oinordekotzat ezarri zuen.
  • Erregimen faxisten ondorioz, hurrengoa zioen N.B.E-ak 1946an, 39. erresoluzioko a) puntuan: Francoren erregimena izaera faxista duen erregimena da, jatorriz, izaeraz, egituraz eta jokamoldez; Hitler-en Alemania naziaren eta Mussoliniren Italia faxistaren laguntzaz.

5.Behe Bidasoa eskualdean, 1936ko altxamendu militar faxistaren aurkako erresistentzia armatuaren kontextualizazio eta jendarteratzea.

6.Memoria historikoak eskatzen duen errespetua ezinbestekoa da, herrien etorkizuna eta pertsona aske eta solidarioen garapenerako. Horregatik, berebizikoa da egia berreskuratzea eta honen zabalpenean lan egitea. Modu honen bidez bakarrik lortuko da biktimentzako eta armekin isilaraziak izan ziren pertsonen aldeko justizia egitea.