Kepa Ordokiren heriotzaren XXV. urteurrena burutzeko, Ordoki komandanteari eta Gernika Batailoiko gudariei omenaldi bat eskaini zaie irungo Gernikako Arbolaren kimuan. Hona hemen omenaldian irakurritakoa:

Eguerdi on,

XXV urte bete dira Kepa Ordoki Komandante, Gudari eta Bidasoako bizilaguna zendu zela. Ofizioz igeltseroa izan behar zuen 24 urteko gazteari bizia guztiz aldatu zitzaion 36ko altxamenduan. Irungo erresistentzia armatu inprobisatuaren parte izan zen, eskualdeko beste hainbat bizilagunekin batera, eta abenturaz beteriko bizi bati ekin zion.

San Andres Batailoiko kapitain izatera iritsi zen, Gernika Batailoiko Komandantea eta errefuxiatuen laguntzaile fina. Azkeneko laguntza hauetan ere hamaika aldiz gogorarazi zituen De Gaullek esandakoa: Komandante, Frantziak ez du inoiz ahantziko euskaldunek eginiko esfortzu eta sakrifizioak, Frantziar lurrak askatzeko.

Ba gaur, 2018. urtean, gutxi asko dakigu esaldi honetaz, II. Mundu Gerran Parte hartu zuen euskal brigadaz, Gernika batailoiaz, edota frankismoaren lehen urteetan irunen izan genituen bost atxilotze guneez.

Horregatik, Paco Perez Luzarreta Gudari eta Gernika Batailoiko kapitainaren hitz batzuk aipatu nahi ditut: “Memoriaren etsaia ez da denbora, isiltasuna baizik. El enemigo de la memoria no es el tiempo, sino el silencio.”

Hori dela eta, aste honetako ekintzekin, eskualdeko isiltasuna hautsi nahi izan dugu.

– Eskualdean modu inprobisatuan antolatu zen erresistentzia. 43 egun iraun zuen defentsak eta faxistek indarkeriaz akabatu zuten eskualdea.

– Mundu Gerran, eskualdeko hainbat borrokalari erresistentziaren parte izan ziren. 23 lagun irungoak eta 2 hondarribikoak.

– Frankismo zantzuak sumatzen ditugu oraindik eskualdean. Zenbait kaleren izenak, bustoak edota bandera frankistak… Zer da hau mesedez?

Historia garaileek idazten dute, baina denborak garaituei ematen die ahotsa. Oroimen historikoa jorratzea ezinbestekoa dugu, herrien etorkizuna eta pertsona aske eta solidarioen garapenerako.

Bidasoa bailaran askatasuna, demokrazia eta justizia sozialaren alde borrokatu edo bizitza eman zuten pertsonen oroitzapen historikoa berreskuratzea, eta hauen ideiei duintasuna ematea eta zabaltzea. Derrigorrezkoa da, herri honen etorkizunarentzat.

Hortaz, duintasunez gogora ditzagun Kepa Ordoki eta Gernika Batailoia. Zabalduak izan daitezela gudari guzti hauen testigantzak.

“Izan zirelako gara, garelako izango dira”